EPAIKETA ITOIZKO HERRIAREN UTZARAZTE ETA BIRRINKETARI AURRE EGITEAGATIK

2.003-ko ekainaren 16-an Itoizko
herriaren utzarazte eta birrinketa bortitzei hasera eman zitzaien.
Nafar gobernuak zuzenduriko basa operazio hau 3 egunez luzatu zen,
auzokide eta elkartasunez joandako lagun talde batek erakutsitako
oposizio eta erresistentzia tinkoari esker.

Gertakizun hauek direla eta, 11 lagun lehenago epaitegitik pasatuak
dira eta orain, beste 19, uztailaren 24 -ean epaituak izanen dira,
fiskalak 9-na hilabeteko kartzela zigorra eskatzen duelarik. Halaber,
Nafar Gobernuak, 36.022,41 euroko erantzukizun zibilarengatik salatu
ditu, utzaraztean esku hartutako foruzainek otordu, ogitarteko,
garagardo, lanordu eta aparteko lanorduen gastuengatik.

Itoitz eta urpean gelditzera zigortutako gainerako herrien
suntsiketa – Nagore, Orbaitz, Ekai, Gorritz, Artozki eta Muniain –
Nafar gobernuaren mendeku ekintza izan zen, azken 20 urte hauetan
Itoizko urtegiaren aurkako oposizio tinkoa zigortzearren.

Nafarroako ibarrik ikusgarrienetakoak suntsitu, antzinako kultura,
arte eta bizimoduak desagertarazi, auzolagunak deserriratu, eskualdea
militarizatu, pista eta errepide berriez bete etabarrekin pozik gelditu
ez eta lur errearen politika ezarriz, “ manu militari”, azpikeriaz eta
gauez, 700 urte zutik mantendutako etxe, karrika, enparantza eta elizak
di da batean birrindu zituzten. Ez zuten errespetatu ezta hildakoen
oroimena ere, indusgailu aseezinen bidez hilerritako hilobiak suntsituz.

Itoitz eta gainerako herriekin egin zutena leku gutxitan suertatu
da. Ohiko da uda partean urtegien ur maila jeisten denean, elizaren
kanpandorreak ikustea. Hemen ezta hori ere . Ez zuten ezta bizitza
zantzu bat ere utzi nahi, beren dirugose eta grina suntsitzaileari
aurre egin zien jendea bertan bizi izan zen zantzu txikienik ere ez
zuten utzi nahi. Ezta proiektuak porrot egitekotan, ez zuten gogoko ere
auzokideak zutik liratekeen etxeetara itzultzea. Ezta opòsizioak bertan
gotortzea, urtegiaren betetzeari aurre egiteko.

Beren burua Nafarroa eta bere nortasunaren aldeko defendatzaile
petotzat jotzen duten horiek herri horien suntsiketa erabatekoa burutu
zuten, Condor Legioaren bonbardaketaren moldeari jarraikiz. Urrobi -
Iratiko ibarrak, beren herriak eta biztanleak ez al dira Nafarroa?
Gainerako beste nafarren eskubide berarik ez al dute?

Bainan, herriak suntsitu baino lehen, eutsi egiten zuen jendea
aterarazi behar zuten. Honetan ere, ez ziren epel ibili. Suntsiketaren
mertzenarioek eta beren foruzainek, ahalik eta azkarren eta “ balizko
istripuei “ jaramonik egin gabe, erresistentzia kanporatzeko agindua
zuten. Zauritutakorik izan arren, zorte onak hildakorik ez gertatzea
eragin zuen, foruzainek nahiz langileek erakutsitako basakeria eta
zuhurtziagabetasun ausartegia ikusita. Hain defentsa tinkoarekin topo
egiteak urduri jarri zituela begibistakoa da ; horregatik, herrien
sarrerak moztuz eta prentsa lagunei sartzea galaraziz, inork ezer jakin
gabe nahi zituzten basakeriak egin ahal izan zituzten.

Gauzak horrela, hara non gertakizun hauetatik 4 urte pasatu
direlarik, kasua berpiztu eta Itoitz herria defendatzeagatik beren
bizitza arriskuan jarri zutenak epaituak izanen dira, akusazio guztiz
bidegabe eta neurrigabekoak leporatzen dietelarik ( noiztik
atxilotutakoak ordaindu behar izan ditu atxilotzailearen lanordu eta
garagardoak ? ) eta gainera protestak saihesteko sanfermin festen
ondorengo garaian maltzurki hautatutako datan.

Halabaina, herrien utzaraztea ez zen duela 4 urte bukatu. Egun, gero
eta jende gehiagok euren etxeak uztera behartuta sentitzen du bere
burua. Lurrikara eta burrunba etengabe, ezker magalaren lerratze
egonkorra eta egunez egun ur maila goratzen duen urtegi mehatxukorraren
errealitateak ehundaka auzokideren ezinegona eta izua eragiten dituzte,
balizko hondamendia gero eta posibleago ikusten dela. Egoera honek
askoren antsietate eta estresa sortarazten ditu, zainketa psikologiko
iraunkorrak izatera behartzen duena. Etengabeko tentsio hau gainditu
ezin eta bizilagun batzuk, Agoizkoak batez ere, herria utzi eta toki
seguruagoen bila joan behar izan dute. Baita eskolatik haurrak atera
dituen inguruko biztanlerik ere badago. Bainan hala ere, askoz jende
gehiago ospa egin nahian dabil, bainan lan edo ta familia kontuengatik
anka egiterik ez du. Kontuan hartzeko datua hauxe da: egun, higiezinen
merkatuan, Agoizkoak Nafarroa osoko etxebizitza merkeenak izatera
behartu du arrisku potentzial handiko egoera honek.

Urtegiaren betetze eta husteek, lurrikaren sortzaileak zirela inork
zalantzarik bazuen, udaberri honetan uxatuko zukeelakoan gaude. Urtze
bizkorra eta Apirila - Maiatzan izandako euri jasa etengabeek ur maila
azkarki igoarazi zuten, EUK-ak, ausarkeriaz jokatuz, eguneko 20 zm.
baino gehiagoko igoeraren debekua ez zutelako bete, batzuetan orduko 20
zm.-koa gainditzera iritsiz. Honek guztiak lurrikaren maiztasuna
handiagotu zuen, Maiatzan eguneko bataz besteko kopurua 8 izatera
helduz. Lurrikarak sortzen dituztenak urtegiaren betetze eta huste
aldiak direla argi ta garbi gelditu da, sona handiko teknikari eta
lantaldeek adierazi duten eragindako sismikotasunaren teoria frogatuta
geldituz.

Bien bitartean, begibistakoari entzungor egiten dio Administrazioak.
2.008- ko Martxoan bukatuko diren betetze probak irregulartasun bat
bestearen ondoren bilakatu dira. Betetze kontrolgabea eragin duen
baimendutako ur mailaren igoeratik gora egiteaz gain, huste aldietan
aldez aurretik ezarritako mailetara ez dute jeitsi, proben balioa
faltsutuz. Azpimarratu behar da magalen benetako jokabidea huste
aldietan nabaritzen dela, une horietan ur gehien pilatzen dutenez,
labaintze arriskua handiagoa delako. Huste aldi horiek laburtuz,
magalen irristatzeak ausarkeriaz estaltzen dira.

Urtegiak berak eragindako sismikotasun eta mazelen
ezegonkortasunaren bat egiteak edozein unetan, funzionatzen hasi aitzin
edo urteetara, teknikariek erran bezala, leher daitekeen erloju bonba
da.

Natura eta pertsonen borontatearen errespetuan oinarritutako beste
bizimolde bat posible dela sinisten dugulako, urtegiaren huste eta
betiko gelditzea, suntsitutako herri guztien berreraikitzea eta
epaitutako guztien zigorgabetzea behin eta berriro eskatzen dugu.

Halaber, Esako urtegiaren inguruan bizi direnenganako elkartasuna
adierazi nahi dugu, Itoizkoak dituen arrisku berberak dituela eta,
berehalako gelditzea eskatzen dugu ere.

Bi proiektu erraldoi horien arteko txirrindula martxa
erreibindikatiboa uda honetan, Abuztuaren 31 eta Irailaren 2-ren artean
eginen dugula iragartzen dugu.

Iruña, 2.007- ko Ekainaren 25

ITOIZKO SOLIDARIOAK

Erantzun